Aurten, oraindik ere, “irteera ebakuntzaz” hitz egiten jarraituko dute telebistek. Eta hori bera bada aski motibo datorren krisia oraindik etortzeko dagoela frogatzeko.
Eta, benetan konbentzituta diot, krisia -benetako krisia- oraindik iristeko dago. Ez dut esango bizitzen ari garena ere krisia ez denik; kontrakoa esatea egora larrutik ordaintzen ari direnekiko errespetu falta litzateke. Baina uste dut daramagun bizimoduak erabateko eraldaketa jasango duela datozen hamar urtetan.
PETROLIOA. Petrolioaren krisiak eragindakoa izango da aldaketarik bortitzena. Petrolioari urre beltza deitu izan zaio, baina esne zuriaren prezioan saldu zaigu orain gutxi arte. Ari da, poliki-poliki (nahi baino azkarrago), gorantz prezioa; eta ohitu egin beharko dugu. Zientzialariek diote petrolioa ez dela guztiz agortuko, baina geroz eta leku iristezinagotan pilatuko dela. Hura ateratzearen kostua ikaragarri igoko da, eta ondorioz, petrolioaren prezioa ere bai. Haren atzetik, gasaren erreserbak ere berehala agortuko omen dira.
Autorik gabe bizitzen ikasiko dugu, horrek ez gaitu beldurtzen... baina jakingo al genuke kanpoko produkturik gabe bizitzen?
ESNEA. Gure elikadura inportazioetan oinarrituta dago. Bertako nekazariek eta abeltzainek estimazio urria izan dute oraintsu arte. Prezioan ezin dute kanpoko produktuekin lehiatu eta etsi egin dute askok. Petrolioaren krisiak kanpoko elikagaien prezioa igoko du ere, eta horri esker bertako produktuekiko estimua. Baina, orduan, egongo al da eskariari erantzuteko adina eskaintza? Nola eragingo digu sektorearen katebegia eten izanak?
Energia berriztagarrien aldeko apustua garaiz eta konbentzimenduz egiteak bakarrik zelaitu dezake krisi hau; baina, kontuz, teknologikoki eta energia sortzeko aukerei dagokienez burujabeak izaten ikasita ere, teknologia hauek sortzeko materialekiko mendekotasuna izaten jarraitu dezakegu ta!
Ahaztu egiten zaigu gizateriaren historian izan direla goraldiak bezala beheraldiak ere. Haietako batean bizirautea tokatuko zaigu. Gorilek begiak eskuekin estaltzen dituzte beraien burua ezkutatzeko. Petrolioaren krisi hau ukatzen duen zientzialaririk topatzen kostako zaigu, baina bestaldera begiratuta arazoa konponduko dela iruditzen zaio askori. Beste batzuk diote:
- “Motel, motel, petrolioa bukatu orduko asmatuko dute beste zer edo zer, lasai!”
Kanpotik datorren Mesias batek salbatuko gaituenaren sentipena zabalduta dago euskaldunen artean. Baina, ez. Oraingoan ez gaitu inork salbatuko, baina gure burua salbatzen saiatu gaitezke. Komunitate txikitan bildu, eta deshazkunde antolatu bati ekiteko garaia da. Bi aukera ditugu, aurrean dugun amildegirantz segi sprint-ean, edo ertzera hurbildu eta ahalik eta bidezidor egokienak eraikitzen saiatu.

No hay comentarios:
Publicar un comentario